2023/03/16

Foro Sozial Iraunkorrak bere artxiboaren zati bat Gogora Institutuaren esku utzi du

Gaur bilera bat izan da Gogora Institutuan Foro Sozial Iraunkorraren eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien artean, besteak beste, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. Foro Sozialaren ordezkaritza Agus Hernan eta Mikel Casadok osatu dute.

Bileraren ondoren, Agus Hernanek hartu du hitza gogoratzeko Foro Sozial Iraunkorrak amaitutzat emango duela bere lan-etapa bihar eta etzi egingo den VI. Foro Sozialarekin. «Azken asteotan, urte hauetan guztietan gurekin lanean aritu diren eragile gehienekin partekatu dugu erabaki hori» adierazi du Hernanek, eta gaineratu du «lortutako aurrerapenak aztertzerakoan, oso partekatua izan den ondorio bat atera da: urte hauetan egin diren aurrerapen esanguratsuenak erakundeek eta gizarte zibilak elkarrekin lan egin dutenean lortu dira». Horixe adierazi die gaur Foro Sozialaren ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako eta Gogora Institutuko arduradunei.

Gaurko bileran, prozesuaren aurrerapenei eta oraindik konpontzeke dauden erronkei buruz hitz egiteaz gain, Foro Sozial Iraunkorrak Gogora Institutuaren esku jarri du bere 7 urteko lan-etapan sortu duen artxiboa. Horrela, Foro Sozial Iraunkorrak hainbat arlotan argitaratu dituen gomendioak, txostenak eta analisiak Gogora Institutuan gordeko dira. Era berean, bihar gauza bera egingo dugu Nafarroako Memoriaren Institutuan eta Lazkaoko Beneditarren Fundazioan.

Azkenik, Agus Hernanek adierazi du «bakea eraikitzeko prozesuaren fase bat ixten ari dela eta fase berri bat irekitzen ari dela», eta espero du «aurrera begira ere adostasun instituzional, politiko eta sindikalei eustea, aurrera egiteko biderik onena baita».