2020/06/19

Euskal Herriko Foro Sozial Iraunkorraren Lantalde Feministak www.justiziafeminista.eus webgunea aurkeztu du

Lantaldearen sorreratik bakegintza eta justizia, emakumeon parte hartzeaz eta ikuspegi feministatik eraikitzea dugu xede.

2017. urteko urriaren 8an, Bilboko Solokoetxe auzoan, “Nik sinisten dizut, emakumeen egia aitortu” ekimena burutu genuen. Gure herrian “euskal gatazka” deiturikoa beste biolentzia batzuekin elkargurutzatuta egon denaren konbentzimendutik, horiek ikusgarri egiteko helburuz aritu ginen. Artean eta bereziki, euskal emakumeen bizitzetan, askotariko inguru eta egoeretan, ikaragarri eragin duten indarkeria matxistak. Horretarako, indarkeria sexistaren askotariko adierazpenak bizi izan dituzten emakumeak bildu genituen, elkarri aitortzea eta sinesgarritasun ekintza egiteko asmoz.

Horren ostean, justizia feminismotik eraikitzeko gogoeta kolektiboan murgildu gara. Horretarako hainbat espazio sortu ditugu: eztabaidarako mintegi iraunkorra, 2019ko ekainaren 1ean Bilbon antolatutako “Justizia feminista eztabaidagai” jardunaldiak eta azaroan Durangon ospatutako Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan aurkeztutako ponentzia.

Horrekin batera, eragile feminista ezberdinek bakearen eraikuntzaren arloan egin dituzten ekarpen kolektiboen materialak jaso ditugu.

www.justiziafeminista.eus webgunean, 3 urteko bide honetan sortu ditugun edukiak eta baliatu ditugun tresnak aurkituko dituzue. Gure helburua justizia eta aitortza feministaren gaian sakontzeko baliabideak eskuragarri jartzea da, eztabaida eta praktika feminista elikatzeko, eta nahi izanez gero herri, auzo edota eremu anitzetan antzeko prozesuak abiarazteko.

Webgunea hiru bloketan banatzen da:

  1. Nik Sinisten Dizut, emakumeen egia aitortzeko ekimenak garatzeko euskarriak.

  2. Justizia Feministatzat zer ulertzen dugun eta nola eraiki hausnartzeko euskarriak.

  3. Beste eragile batzuen esperientziak eta haiek sortutako materialak.

Luzea da gai honetan Euskal Herriko eragile feministek egindako ekarpenaren genealogia azken hamarkadetan. Plataforma honen bitartez, bakearen eta justiziaren eraikuntzan ikuspegi feministatik ekiten jarraitzeko, beste urrats bat eman nahi dugu. Hauxe duzue gure ekarpena.