Gaur, astelehena, sinatu da Bilbon kartzelen arloko eskumena Euskal Autonomia Erkidegora eskualdaketa.
Transferentzia hau, testuinguru honetan beharrezko urrats gisa baloratzen dugu. Urrats horrek erraztu egin beharko luke espetxe-politika normalizatua aplikatzea motibazio politikoko delituengatik kondenatutako pertsonei, eta oraindik indarrean dauden salbuespenezko neurriekin amaitzea.
2018ko irailean aurkeztu genuen "Konponbiderako premiazko agendan", ordutik arlo honetako gure lanaren ardatza definitu duen agendan, espetxeen eskumena eskualdatzea bost puntuetako bat zen.
Azken hilabeteotan adierazten ari garen bezala, Foro Sozial Iraunkorrak uste du lehenengo fasean konpondu gabe zeuden hiru gaiak —urruntze politikaren eta lehen graduaren amaiera eta espetxeen transferentzia— ixteak aukera emango duela, era berean, bigarren faseari heldu ahal izateko eragile desberdinek duten borondate politiko osoa egiaztatzeko, auzi honi behin betiko konponbidea emateko behar den konfiantza-giroa sortuz.
Izan ere, adostasun instituzional eta politiko nahikoa dago horretarako. Orain, birgizarteratze-plan bat definitu behar da, erakunde publikoek gidatuta eta eragileekin adostuta, presoei banakako birgizarteratze-ibilbidean (3. gradua eta gizarteratze prozesua) laguntzeko aukera emango diena.
Esan gabe doa konpromiso irmoa duela Foro Sozial Iraunkorrak diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen, gomendioak egiten eta beharrezkoak diren errazte-lan diskretuak egiten jarraitzeko, testuinguru zail batean, gai honi irtenbide berritzaileak aurkitzen lagunduko duelakoan.