Agus Hernan: “Espetxe-politikaren transatlantikoa behin betiko biratzen hastea lortu da, 32 urtez sakon ainguratuta egon dena”
Asteburu honetan, Logroñoko kartzelan bilera berri bat egin dute Agus Hernanek, Foro Sozial Iraunkorraren koordinatzaileak, eta EPPK presoen kolektiboaren ordezkaritzak (Ainhoa Mujika Goñi eta Juan Antonio Olarra Guridi).
Horrelako azken bilera 2020ko urriaren 30ean egin zen, Alboloteko espetxean (Granada). Harrezkero, Ainhoa Mujika Goñi eta Juan Antonio Olarra Guridi Euskal Herriko espetxe periferiko honetara hurbilduak izan dira eta bigarren gradura aurrera egin dute.
Oraingo honetan, bileraren helburua izan da espetxe-politikaren aldaketaren lehen fasearen balantzea egitea. Zentzu honetan, Foro Sozial Iraunkorrak erantsitako dokumentua eman die EPPKren ordezkariei.
Hauek dira dokumentuaren pasarte nagusiak:
“Iruditzen zaigunez, datorren udarako, ia preso guztiak (ez badira preso guztiak) Euskal Herriaren inguruko espetxeetan egongo dira zigorra betetzen, gehienak bigarren graduan, eta espetxeen transferentzia abian egongo da.”
“Orain arteko aurrerapenak testuinguru zail batean eman dira, Covid-19 pandemiaren erdian eta zenbait sektore politikok eta judizialek, zenbait komunikabidek eta ETAren biktima-elkarteak osatzen duten oposizioa –lobbya– aurrez aurre edukita. Izan ere, oposizio horrek konponbidearen aurkako agenda du, bizikidetza demokratikoa eraikitzearen alde egiten duen gehiengoaren agendaren kontrara. ”
“Hala ere, egoera hori izanda ere, Espainiako Gobernuak espetxe-politika aldatu duela ikusi dugu”.
“Indarkeria-zikloaren konponbidearen beste alderdi batean erabiltzen den metafora bera erabiliz, esan dezakegu espetxe-politikaren transatlantikoa behin betiko biratzen hastea lortu dela; 32 urtez sakon ainguratuta egon den “transatlantikoa”, hain zuzen ”.
“Bestalde, gai honetako bigarren eragile aktiboaren analisian, esan beharra dago presoak beraiek, EPPK osatzen duten eta Espainiako Estatuan espetxeratuta dauden 184 pertso- netako gehienek (dauden graduan daudela) motu proprio idatziak egin dituztela beren bizi-ibilbideetatik eta bizipen pertsonaletatik abiatuta. Idatzi horietan, eragindako kaltea berariaz aitortzen dute, biktimen oinazea aitortzen dute eta biktimen sufrimenduarekiko enpatia erakusten dute.”
“Hala, 2020ko ekainaren 19an gauzatu zen apirila, maiatza eta ekainean iragarritako hurbilketetan lehena eta, ordutik, erritmo konstante bati eutsi zaio 2020-2021 ikasturtean. ”
“Gaur egun, ikusten dugu presoen senide eta hurbilekoek poztasun eta arinduz bizi dutela egoera berri hori eta, gainera, itxaropena dutela egoerak auzia konpontzeko leihoa behin betiko irekitzeko aukera emango duela”
“Espetxe-politikan aldaketa horiek egitea posible izan da, funtsean, inplikatutako aldeen borondate politikoari esker, baina urtetan zehar esparru instituzional, politiko, sindikal eta sozialean eraikitako adostasunak aurretiko bultzada emana zuen. ”.
“Aipamen berezia merezi du, bestalde (lehen aipatu dugunez, Espainiako Estatuan eztabaidaren testuinguruak duen balioagatik), “Atzera egiterik gabeko bide berri baten alde” manifestuak (2021/01/21), idazle, kazetari, aktore, zinema-zuzendari, giza eskubideen aldeko ekintzaile, ETAren biktima eta abarrek sinatuak.”
Ongi etorriak. 2021eko urtarrileko txostenean adierazi genuen ‘alderdi honek eragin zuzena du lantzen ari garen gaian’. Gaur egun, esan dezakegu gai horrek dagoeneko ez duela zuzeneko eraginik espetxe-politika aldatzeari buruzko eztabaidan”.