2018/11/09

Emakume torturatuen testigantzak aintzat hartu behar dira memoria osatu ahal izateko eta jasandako mina aitortzeko

Foro Sozial Iraunkorrak, gaurkoan, Donostiako Emakumeen Etxea den honetan, “Nik sinesten dizut: emakume torturatuen egia” izenburupean, ekitaldia antolatu du.

 

Nekane Altzelairen hitzartzea

 

Honen bidez, gure helburua izan da tortura jasan duten 3 emakumeren testigantzak entzutea, euren bizipenak zein izan diren lehen pertsonan ezagutzeko. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko tortura kasuen txostenaren ondorioei ere erreparatu diegu eta, horiek bereziki aztertu ditugu genero ikuspuntu batetik, txostenaren egile den Laura Pego abokatu eta kriminologoaren eskutik.

Gaurkoan aditzera eman nahi diegu gurekin euren bizipenak partekatu dituzten emakumeei ziurtasun osoa dugula kontatu diguten hori guztia aintzat hartua behar dela izan, euskal gatazka deritzonaren testuinguruan gertatu den ororen memoria osatu ahal izateko. Modu berean, adierazi nahi diegu, ziurtzat dugula jasan duten min hori guztia aitortua behar dela izan.

Foro Sozial Iraunkorretik uste dugu aitortzarako potentzial izugarria duen tresna dela sufrimendua jasan duten pertsonen testigantzak entzutea, hitzen bidez suntsitu baitaitezke urte luzeetan gure lubakietan ezkutuan egotera behartu gaituzten muga ikusezinak.

Beste alde batetik, esperientzia pertsonalak aurrez aurre ezagutzeak errazten du euskal jendarte zibilak eta berau ordezkatzen duten instituzioek aurrerapauso sendoak ematea gatazka deritzonaren testuinguruan jazo diren biolentzia eta giza eskubideen urraketa ororen aitortzarantz.

Foro Sozial Iraunkorrak, torturaren biktimekin izandako hainbat eta hainbat hartu-emanetan egiaztatu du EAEko torturaren txostena guztiz esanguratsua izan dela bizikidetzaren eraikuntza bidean, biktima horien egia aitortzeko mekanismo bilakatu izanagatik, oraindik ere errealitate hori ukatzen duten korronteak indartsu dirauten honetan.

Zentzu horretan, uste dugu ezinbestekoa dela jarraipena ematea hasitako ikerketa lan horri, horrela biktima bakoitzari eskaini eta ziurtatzeko dagokion egia jakiteko eskubidea.

Gaurkoan, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari eskatu nahi diegu jarraitu dezatela beharrezkoak diren baliabideak eskaintzen mota honetako ekimenak laguntzeko, esaterako, sakontasun gehiagorekin ikertzea Francoren diktadura garaiko tortura kasuak, edota Nafarroako Foru Komunitatekoak.

Beste alde batetik, bultzatu nahi ditugu maila orotako euskal instituzioak, eta, orokorrean, euskal jendarte osoa, modu ofizialean formalizatu eta esplizitatu dezaten torturaren biktimen aitortza. Nazioarteko legediak zehazten du orotariko biolentziak jasandako biktima guztiek dutela eskubidea egia jakiteko, justiziarako eta erreparaziorako. Foro Sozial Iraunkorrak bere egiten du premisa hori.

Hori guztia dela eta, uste dugu aztertu berri dugun torturaren txostena mugarri behar dela izan, biktimek merezi duten aitortza instituzionala gauzatu dadin. Horrez gain, uste dugu hori Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren betebeharra dela.

Azkenik, gaurkoan, ekitaldi honetatik, adierazi nahi dugu urgentziazkoa dela torturaren problematikari genero perspektibatik aurre egitea, modu espezifikoan aitortzeko emakumezkoek jasan behar izan duten drama, eta horrela ikustarazi zein izan ziren hori guztia gertatu izana posible egin zuten arrazoiak.

Foro Sozial Iraunkorretik uste dugu gatazkaren testuinguruan gertatu den emakumeen kontrako indarkeria bereziki krudela izanaren arrazoia dela jendartean badagoela egiturazko indarkeria bat hori ahalbidetu duena: indarkeria matxista.

Euskal Herriko gatazkan emakumeek jasan duten jatorri politiko duen opresioak eta bazterketak lotura zuzena dute heteropatriarkatuaren sistema opresiboarekin. Emakumeek testuinguru honetan jasan dituzten indarkeriak ezin dira ulertu genero arrazoiak kontuan hartu gabe, baita torturaren kasuan ere. Torturak, azken finean, botere sexistaren hierarkia muturrera eramaten du, dagoen erarik biolentoenean.

Gatazkaren konponbide integralak, bere ñabardura guztiekin, gatazka ahalbidetu duten generoari lotutako arrazoiak konpontzea ere eskatzen du, berriro ez geratzea bermatzeko.

Ezinbestekoa da torturaren drama sozializatzea, posible egin duten arrazoiei erreparatzea eta tortura jasan duten pertsonen testigantzei sinesgarritasuna ematea, bermatzeko horrelako beste ezer ez dela errepikatuko etorkizunean. Guk sinesten zaituztegu, eta lanean jarraituko dugu euskal jendarteak ezagutu dezan benetan gertatu den egia osoa.