2020/08/19

Covid-19 dela eta, beharrezkotzat jotzen dugu Eusko Jaurlaritzak presoak gerturatzeko egindako proposamena gauzatzea

Preso bakoitzaren familia-ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbiltzeko proposamenak Basauri, Martutene eta Zaballa espetxeetan birkokatzea zekarren. Nafarroako Gobernuari berriro eskatzen diogu antzeko plan bat proposa dezala, jatorria, ohiko bizilekua edo familia-ingurunea Nafarroan duten preso guztiak Iruñeko espetxean birkokatzeko.

Foro Sozial Iraunkorrak kezka handiz jaso du joan den astean Etxerat elkarteak Espainiako Estatuko lau kartzeletako komunikazio murrizketen inguruan kaleratutako alerta, Covid-19ren agerraldi berriak direla-eta. Azken neurriek eta iragarpenek are gehiago handitzen dituzte presoen senideen artean dauden ziurgabetasuna eta egonezina, espetxeetako erabateko konfinamendura itzultzeari dagokionez.

 

Konfinamenduak urruntze-politikak presoengan eta haien hurbilekoengan dituen ondorioei buruzko eztabaida ahalbidetu du, eta orain arte motibazio politikoko presoei aplikatutako espetxe-salbuespeneko egungo politikaren normalizazioari dagokionez sortutako adostasunak nabarmen zabaldu dira eragile berrien artean, aukera berriak irekiz.

Testuinguru bereziki zailean, ugariak izan dira eragile sozial, politiko eta instituzionalen ekimenak Madrilen, Iruñean edo Gasteizen.

 

Etxeraten alertak Eusko Jaurlaritzaren 2020ko apirilaren 27ko proposamena gaurkotu du berriz ere. Proposamen hori, osasun-txosten batean oinarrituta “eta Espetxeetako Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluaren arabera, Covid-19 izurritearen ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuarekin, oro har, preso guztientzat, bakoitzaren familia-ingurunetik hurbil dauden espetxeetara hurbiltzeko plan bat artikulatzea da”.

 

Azpimarratu behar dugu, Eusko Legebiltzarra eratu berri denean, proposamen honek aurreko legealdian baino adostasun politiko handiagoa biltzen duela: egun, Gasteizko ganberaren %90,6k babesten du (XI. legegintzaldian, berriz, %88k).

EAJ eta PSE alderdien babes logikoaz gain, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere babesten dute. Gainera, proposamenak erabat erantzuten dio Europako Kontseiluak oraintsu eguneratutako gomendioei – "Espetxeen Europako Arauak" –. Gomendio horien arabera, presoak berak destinoa aukera dezake.

 

Adostasun posible guztiak eraikita, proposamen horiek sakoneko aldaketetan gauzatzea tokatzen da orain. Ikuspegi horretatik, Foro Sozial Iraunkorrak zentzuduntzat jotzen du Espainiako Gobernuak gatibutasun-printzipioari erantzuten dioten politikak alde batera uztea, eta, "normaltasun berria" kontuan hartuta, esparru horretan errealitatearen printzipioari erantzuten dioten politikak aplikatzea. Disjuntiba honetan, zentzuzkoa dena inposatzea espero dugu.

 

Ildo horretan, eta izurritea larriagotu baino lehen, premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze-politikarekin amaitzea, eta, Covid-19ren egungo testuinguruan, beharrezkotzat jotzen dugu Eusko Jaurlaritzak presoei oro har gerturatzeko plan bat egituratzeko egindako proposamena gauzatzea, preso bakoitzaren familia-ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbiltzeko; izan ere, euskal kasuan, Martutene, Basauri eta Zaballa espetxeetan birkokatzea dakar.

 

 

Gainera, joan den uztailaren 21ean Iruñean egindako prentsaurrekoan proposatu genuen bezala, Nafarroako Gobernuari berriro eskatzen diogu antzeko plan bat proposa dezala, jatorria, ohiko bizilekua edo familia-ingurunea Nafarroan duten preso guztiak Iruñeko espetxean birkokatzeko.

 

Foro Sozial Iraunkorretik dei egiten diegu euskal eta nafar alderdiei behar diren ekimen guztiak antola ditzaten, Iruñeko eta Gasteizko parlamentuen eta Espainiako Kongresuaren barruan eta kanpoan, plan hori arrazoizko epe batean egin ahal izan dadin, baina betiere espetxeetan eta haietatik kanpo konfinamendu egoera berriak gertatu baino lehen.

 

Ziur gaude ekimen hau, preso guztiei zuzendua, urrats garrantzitsua izango litzatekeela motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsona gehienek jada hasi duten birgizarteratze-ibilbiderako, urtarrilean honela definitu genuena: "Guztion eta guztiontzako euskal bidea".

 

Presoen senideek bizi duten kezka- eta larritasun-testuinguru horretan, komenigarria litzateke Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak haiekiko enpatia-keinuak egitea.

 

Gure aldetik, arlo honetan beharrezkoak diren adostasunak hemen eraikita, datozen hilabeteetan bideratze-lanetan sakontzeko konpromisoa hartzen dugu, presoen auzia espetxe-politika normalizatu baten aplikazioaren baitan konpon dadin, birgizarteratze-ibilbide baten bidez, arestian aipatu dugun "Guztion eta guztiontzako euskal bidea"-n zehaztutakoa bezalakoa, lehen kasuetarako eraginkorra izaten ari dena.

 

Amaitzeko, gai honi irtenbide bat ematea bizikidetza demokratikoari ekarpen garrantzitsua izango litzatekeelakoan gaude.