Bizikidetzaz

Gogoan dut nola irrati-solas transkribatu bat irakurri nion Theodor W. Adornori, eta nola erakundeen balioa ukatzen zuen, eta deiadar egiten: "Desesperazioa da irtenbide bakarra". Latza litzateke ikuspegi hori hartzea, egia balitz ere; ez dakit zer esan, ordea, grosso modo "demokrazia" esaten zaion horrek behar duen bistako berrosaketaz.

Lokotx-apustua herri-joko bat zen, Gipuzkoan behinik behin herrietako festetan egiten zena: zumezko saski batean sartu behar ziren hamar lokotxak, hau da, alerik gabeko hamar artaburu, hasieran ilaran jarrita egoten zirenak, elkarrengandik ez oso urruti. Jokalariak lokotx bat bakarra eraman zezakeen lasterraldi bakoitzean; beraz, hamar lasterraldi ziren guztira, hamar joan-etorri, eta berdin zion ordenak: lasterkari batek lehenbiziko lokotxa har zezakeen aurrena, edo bosgarrena, edo hamargarrena, eta gero nahi bezala segitu. Logikoak hasieratik hasten ziren, gertuen zeukaten lokotxarekin; fantasiasoek, berriz, edozeinekin. Zumezko saskia aurrena nork bete, huraxe irabazle.

Aspaldi-aspaldiko oroitzapena dut hori, baina berehalaxe gogoratzen zait Arabako Foro Sozialak bizikidetzaz egin didan galderari erantzun nahian hasten naizenean: Nola osatu bizikidetza? Nola bete saskia? Ondo bidean, oinarri batzuk bildu behar lituzke kosmos politiko bat sortzeko, hiri bat ondo gobernatua eta ondo bizitzekoa, orekatua, harreman onak lituzkeena; unibertso bat harmonian egongo litzatekeena izaki baten destinoarekin, jakinik izaki hori bestelakoa dela gainerako animalien aldean, hizkuntza daukalako eta, beraz, soziabilitaterako prest dagoelako.

Gutxi gorabeherako erantzun bat baino ezin eman, beti bezala, halaxe gertatu baita giza kontuotan lehenbiziko filosofoen garaiaz geroztik, fisika- eta natura-gaietan ez bezala; nik, gainera, esperientzia falta dut Boterearen, sistemaren barrunbeen kontuetan, esperientzia falta apal eta soila. Horregatik ausartzen naiz herri-joko apal eta soil baten metafora hona ekartzera.

Lehenbiziko oinarria aipatuko dut oraintxe, lehenbiziko lokotxa: berdintasun soziala.

Saskian ezin da ezer sartu berdintasun soziala baino lehenago. Pobreen eta aberatsen arteko arrakala sakona da, eta gero eta handiagoa; BPGak eta beste garapen-indize batzuek gora eta gora egiten dute etengabe, eta alderantzizko proportzio zital batean handitzen dira, gainera, pobreen bizimoduaren aldean —zeinak "esklabotza" beste izenik ez baitu merezi toki askotan—; Cáritasen 2020ko txostenaren arabera, Espainiako Estatuan 8,5 milioi lagun daude gizartean bazterturik —2007. urtean baino 1,2 milioi gehiago—, eta hemen, Euskadin, 64.000 etxetan lanik gabe daude kide aktibo guztiak, Naiz.eus-en arabera: hori guztia ikusita, "bizikidetza" hitz erdi hutsala da dudarik gabe, edo, onenean ere, termino utopiko bat, hau da, urrutikoa, urruti-urrutikoa, lokotx bat basamortuan.

Ideia hori biribiltzeko eta irtenbide baten bila, hona hemen zer idatzi zuen Joaquín Estefaníak Emmanuel Sáez-en eta Gabriel Zucman-en El triunfo de la injusticia liburuaren erreseinan (El País, 2021eko urtarrilaren 24a):

"Garbi dago liburuaren tesia: pairatzen ari garen desberdinkeria neurrigabe honek badu eragile argi bat: zerga-sistema. Bidegabekeria fiskalaren garaipena, oroz gain, demokraziaren ukapen bat da".

Horra hor nondik joko duen irtenbideak. Saskian erreforma fiskala sartu behar da, gutxienez.

Halako azpijana egiten zaion gizarte batean, biztanleen %18,5 bazterturik edo segregaturik dauzkan gizarte batean —horixe baita Espainiako Estatuko 8,5 milioi pobreei dagokien ehunekoa—, pentsatzekoa da txarranpina bezala agertu behar liratekeela salaketak, jendaurreko kexuak, protesta-adierazpenak, eta gero eta gehiago ugalduko liratekeela. Ez da hala, ordea; ez, behintzat, erabat. Hizkera mertzenarioak, "siglen eta eufemismoen armada erreakzionarioak", eragotzi egiten du errealitate gordina azaleratu eta denon begien bistan geratzea, paisaia bat bezain garden; horrek nahastu egiten du jende asko eta asko, eta zernahi erreakzio isilarazi.

Zoritxarrez, hizkera mertzenarioa ez du erabiltzen engainatzaileak bakarrik, hizkera hori ez dagokio hitzaren lehengai ezin malguagoaz baliatuz eta orotariko faltsukerien bidez statu quo-a defendatzen duen ahots pribatu edo publikoari bakarrik. Hizkera hori denek erabiltzen dute, erabiltzen dugu. Beste hizkera guztiekin gertatzen dena gertatzen da hizkera gaizto horrekin ere: errepikatzearen poderioz —errepikapena baita hitzen bizigarria—, beste hizkera inbaditzen du, hizkera leiala, egiaren bila dabilena, eta hartan urtzen da ura uretan nola, ikusezin, zaila baino zailago bihurtuz zein makurra den ohartzea. LTI (Lingua Tertii Imperii, Lengua del Tercer Reich) liburuaren egile Victor Klemperer-ek ondo azaltzen ditu nolako ondorioak dituen inbasio linguistiko horrek. Bere egunkarietako ohar batean, ikaratu egiten da ikusirik berak ere, Bigarren Mundu Gerran Dresdengo "etxe judu" batean konfinatuta dagoelarik, nola arrazoitzen duen batzuetan nazien hitz eta molde sintaktikoekin, eta honela baieztatzen du: "Hizkuntzak pentsatzen du gure ordez". Hala gertatzen baldin bazen garai hartan, Joseph Goebbels-ek eskuorriak, egunkariak eta irratia besterik ez zeukanean mezuak zabaltzeko, zer ez ote da gertatuko orain, ezin konta ahala tresna elektronikok etengabe hizkeratzen duten honetan? Gehien hizkeratzen dutenek diotenez zernahi mezu biralizatzen den garai honetan?

Ez da sekula izan hau baino garai hoberik hizkera mertzenarioa zabaltzeko, eta, hala, ia ikusezinak dira, esaterako, gizartean bazterturik dauden 8,5 milioi pertsonak. Nahikoa da egunkarietako informazio ekonomikoari erreparatzea. Etengabe erabiltzen dute eufemismo estatistikoa, eta baieztatzen dute, esaterako: "Espainiak beste atzeraldi bat izan du". Nor da, ordea, "Espainia" delako hori? Denak dira "Espainia"? Hala paradisuetakoak nola Cañada Realekoak? Oro har, Inperioko Laugarren Hizkeraren ezaugarrietako bat zera da, soziala dena meteorologikoa balitz bezala aurkeztea. Ez da aipatzen hezur-haragizko inor, eta aipatzen bada, are okerragoa da batzuetan, psikologikoa lehenesten baitute, hizkeratuz adibidez egunean hamasei orduz ganba izoztuak zuritzen aritzen diren neska nerabe marokoarren depresioari buruz, eta haien aldarteaz hitz eginez, eta ez miseria bat ordaintzen dien enpresari holandarraz, edo esplotazioa baimentzen duen politikari-jendeaz.

Halako egoera batean, nekez izan daiteke demokraziarik, bizikidetzarik, eta ez dut dudarik bigarren lokotxak egoera horri heldu behar diola; iparra ez galtzeko modua eman behar luke, komunikazio-tresnarik behinena —ahozko eta idatzizko mintzaira— ia beti engainagarria den Hiri batean. Nik neronek ez dut ikusten lan komunitarioa beste irtenbiderik: jendeak elkarrekin lan egitea, bidexketan bezala, informazio hobea edukitzeko eta hobeto pentsatzeko. Bizilagun bat engainatu daiteke, herrixka bateko biztanle bat, gizabanako bat; zailagoa da, ordea, auzo oso bat, herrixka bat, lagun-talde bat engainatzea.

Argia aldizkariaren 2718. zenbakian irakurri dut: "Negarrez nola torturatu ninduten kontatu nionean, beste aldera begiratu zuen Marlaskak, tramite hutsa banintz bezala. Besteak beste hori esan zuen Iñigo González Etayok urtarrilaren bukaeran egindako prentsaurreko batean; Giza Eskubideen Europako Auzitegiak kondenatu berria zuen Espainiako Estatua, González Etayori ustez eman zizkioten tratu txarrak ez ikertzeagatik. Argia-k ez ezik, beste komunikabide askok ere azaldu zuten auzia; besteak beste, La Vanguardia egunkariak, aurtengo urtarrilaren 19an:

"Epaian, instantzia judizial bat baino gehiago aipatzen dira torturen salaketa ez ikertzea gaitzesten denean. Haietako bat Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegia da, garai hartan Fernando Grande-Marlaska oraingo Barne ministroak zuzendua. Hain zuzen, Marlaskak berak zuzendutako instrukzio baten ingurukoak dira salaketak".

Euriaren ondoren euria. Segi eta segi. Nola ez ekarri gogora, berria irakurtzean, torturaren eta tratu txarren erabilerari buruzko txostena, Eusko Jaurlaritzak Francisco Etxeberria auzitegi-medikuari enkargatua: 1960 eta 2014 bitarteko 4.113 kasu dokumentatu zituen Etxeberriak. Nik neronek ez daukat ahazteko nolako salaketak egin zituen Javier Ortiz kazetariak zenbait artikulu eta liburutan, eta zer erantzun zion Manuel Rivasi Rafael Sánchez Ferlosiok, XX. mendeko idazleetan beharbada itzalik handiena duenak, El Globo aldizkarian argitaratu eta orain Diálogos con Ferlosio liburuan jasotako elkarrizketa batean (Editorial Triacastela, Madrid, 2019):

MR: Ba al dago zerbait etengabe haserre bizian jartzen zaituena, barrenak erretzen dizkizuna?

RSF: Tortura. Sumingarria eta interesgarria iruditzen zait amildegi hori, bereizten dituena Ordena Publikoko Indarretako kide baten testigu-gaitasun juridikoa eta herritar soil batena; halakoetan herritarra ez izatea ia inor, eta Ordena Publikoko Indarretako kide baten lekukotasuna, berriz, erabakigarria izatea, hori ez da onartzekoa, hainbat gutxiago gogoan badugu indarkeria armatu monopolikoa erabiltzeko boterea duenak izan behar duela sistematikoki hasierako susmagarria".

Laburbilduz: jakina zen, jakina da, eta inor ez da harritzen Estrasburgok Espainiako Estatua kondenatu duelako; era berean, kontuan harturik zer-nolako zuhurtziaz aritzen diren Espainiako komunikabideak —batzuetan elefante baten laguntza behar izaten baitute eskandalu baten berri emateko—, ez da harritzekoa egunkari eta telebista batzuek ez kontatu izana oraingo Justizia ministroa dela kondena horren interpelatu nagusia, Fernando Grande-Marlaska, alegia; baina lehen ere aritu naiz hizkera mertzenarioaz, eta orain nahiago dut gertatuaren beste irakaspen bat aipatu. Labur-labur esanda, oraindik ageriago uzten du azkenaldian aprentsioz, are etsipenez, sumatutakoa: ahula dela Espainiako Estatuaren erakunde-sarea. Botere judizialaren arlotik aldendu gabe, gogora dezagun zer gertatu den Altsasuko gazteekin; Arnaldo Otegirekin eta haren kideekin; Egunkaria-ren itxierarekin; Oriol Junquerasekin eta agintari katalanekin... Jokabide horiek guztiak ikusita, kazetaririk moderatuenek ere duda egin zuten botereak bereizita ote dauden, demokraziaren berme hori ba ote dagoen. Botere Exekutiboak eta haren mila adarrek ere herritar askorengan ez dute pizten konfiantza adeitsua, zinezkoa, erosokeriarik edo interesik gabea: izan ere, ugari-ugariak izan dira Alderdi Popularraren ustelkeria-kasuak, eta onartzen zaila da PSOEk, Podemosek, EAJk eta beste alderdi batzuek etxegabetze ankerrak onartzea de facto, eta "mozal legea" aplikatzen segitzea, Pablo Hásel raperoa espetxeratzeraino, protestek eragozten ez badute... "Mozal", horra hor demokraziarekin ezin ezkondu den hitz bat. Ondo ezkontzen da, ordea, errepresioarekin eta diktadurako isiltasun likitsarekin, zeina antzezlan batean islatu zuen Alfonso Sastrek, hain zuzen Mozala izenekoan.

Gogoan dut nola irrati-solas transkribatu bat irakurri nion Theodor W. Adornori, eta nola erakundeen balioa ukatzen zuen, eta deiadar egiten: "Desesperazioa da irtenbide bakarra". Latza litzateke ikuspegi hori hartzea, egia balitz ere; ez dakit zer esan, ordea, grosso modo "demokrazia" esaten zaion horrek behar duen bistako berrosaketaz; izan ere, sistema politiko horrek, errealitate errealean, Amerikan eta Europan, sagu batzuk-batzuk sortu ditu, denak ere eskuin muturrekoak. Alferrik da, beraz, eskua luzatzea hirugarren lokotxa hartzeko, ez baitago halakorik, ez baitago ilaran. Laugarrena ere ez dut ikusten, ez bosgarrena, eta ez hurrengoak. Ezin dut bukatu jokoa, ezin ditut hamar lokotxak sartu saskian. Baina badu konponbiderik horrek. Herrietako festetan herri-jokoan guztiz galarazita zegoen gauza bat, parte-hartzaile bat ordezkatzea, ezinbestekoa da foroan. Etorriko dira berriak: berriak eta zoliak.

* Artikulu hau ekarpen bat da, Foro Sozial Iraunkorraren "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala" prozesuari eginikoa.

** Berriako erredakzioan itzulia.


Asteasu, Gipuzkoa, 1951; Bernardo Atxaga es seudónimo de Joseba Irazu Garmendia. Licenciado en Ciencias Económicas por la Universidad de Bilbao, desempeñó oficios variopintos (maestro de euskera, guionista de radio, librero, economista ...) hasta que, definitivamente, a comienzos de la década de los ochenta, consagró su que hacer exclusivamente a la literatura en euskera. Autor, entre otros, de Obabakoak, (1989, Premio Euskadi, Premio Nacional de Narrativa), Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995), Soinujolearen semea (2003), Zazpi etxe Frantzian (2009), Nevadako egunak (2013, Euskadi Saria). Su obra puede leerse en 34 lenguas, y ha sido llevada al cine por Montxo Armendariz (Obaba, 2005), Aizpea Goenaga (Zeru horiek, 2006) e Imanol Rayo (Bi anai, 2011). Es miembro de la Academia de la Lengua Vasca y director de la Revista Erlea.