Bizikidetza demokratikoa

Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu herritarra da. Euskal Herriko lurraldeetan etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzea helburu duena, normaltasunez, libre eta demokratikoki.

- Euskal Herriko testuinguruaren irakurketa, nondik gatoz eta non gaude?

Jada urte batzuk dituen eskala globaleko krisi demokratiko eta sistemiko batean murgilduta gaude, pandemiak azaleratu eta azkartu egin duena. Aspaldian ikusten ari gara nola estatuak ez diren gai herritarron eskubide politiko, zibil eta sozialak bermatzeko eta gure konfiantza galtzen ari dira. Askok, denbora luze bat daramagu aldarrikatzen egoera honi aurre egiteko bidea paradigma aldaketa bat dela, demokrazian sakontzea, bestela, autoritarismoa gailentzen da.

Mundu maila erronka honek ez gaitu momentu txarrean harrapatzen Euskal Herrian. Izan ere, mugimendu, dinamika eta ekintza anitzen eskutik urteak damazkigu bizikidetza, kultura eta gizarte demokratiko baterako oinarrizko konpromiso bat lantzen: Edozein auzi eta proiektu politikori baketsu eta demokratikoak diren bideetatik erantzun behar zaie. Eta konpromiso hau errealitate izateko ezinbesteko baldintzak sortzen eta eraikitzen igaro ditugu azken urteak:

- Eztabaida sozial, politiko eta instituzionalerako aukerak eta espazioak irekitzen, hau da, gure arteko konfiantzak ehuntzen herri akordio zabaletara iristeko gai izan gaitezen.

- Balio demokratiko eta baketsuekin gizarte aktibo eta konprometitu bat izateko baldintzak eraikitzen.

- Eta azkenik, erabakitzeko ahalmena eta tresnak gure eskura izateko lan egin dugu, hau da, gatazka politikoak bide demokratikoetatik konpondu ditzagun, horretarako baldintzak sortzen ere izan gara azken urte hauetan.

Eta bide honetan gainera urratsa garrantzitsuak eman ditugu eta lorpenak izan ditugu: duela 10 urte inork gutxi imajina zezakeen Iparraldean instituzio propio bat izango genuenik, edota Nafarroan aldaketaren aldeko indar politikoek gobernatu zezaketenik, EAEn autogobernuaren eztabaida irekitzeko akordio politiko bat lortuko genuenik edota presoen gerturatzea posible izango zenik.

Guzti hau ez da gertatu kasualidadez, edota soilik aukera politikoak zabaltzen direlako… gizarte zibiletik urteetan egindako lana ezinbestekoa izan da urratsak guzti hauek emann ahal izateko.

Honek, gainera, isla zuzena izan du herritarron borondatean, izan ere, egun erabakitzeko eskubideak babes sozial Zabala du Euskal Herrian. Naziometroaren lehen emaitzen arabera, euskal herritarron %63ak bere etorkizun politikoaz erabaki nahi du eta %73ak gai sozial, ekonomiko edota ekologikoetaz erabakitzeko gaitasuna izan nahi du. Hau da, euskal herritarrok erabakitzeko borondate eta autodeterminazio argia dugu. Orain, gehiengo sozial horiek, egonkortu, zabaldu eta aktibo bilakatzea dagokigu.

 

- Etorkizunari begirako konpromisoak; nora goaz?

Beraz, azaldu moduan, bake prozesu bat abiatzetik, bake kultura eta gizarte bat izaterako bidean gaude, bidea hartua dugu. Orain, bidea egiteko unea da. Horretarako, Gure Eskuk ondorengo konpromisoak hartzen ditu datozen urteei begira:

 

1. BIZIKIDETZA DEMOKRATIKOAREKIKO KONPROMISOA

Gatazka politikoa izan dena erronka demokratikoa bihurtzeko sortu genuen Gure Esku, hau da, gatazka baten oinarri izan den gaia sozializatzen eta konponketarako bide demokratiko eta baketsu bat eraikitzeko.

Erabakitzeko, eztabaida beharrezkoa da, adostasunerata iristeko eta eztabaidarako normaltasuna eraikitzea da gure misio nagusietako bat: gatazkei aurre egiteko jarrera positibo, eraikitzaile, baketsu eta demokratikoa zabaltzea da gure konpromisoa.

 

2. ERABAKIAREN KULTURA ZABALTZEKO KONPROMISOA

Herritarrak demokratikoki ahalduntzea da gure asmo nagusietako bat: demokrazia edukiz eta jarrerez betetzea, antolaketako gaitasuna, solas egiteko gaitasuna, gogoeta kritikorako gaitasuna, enpatiarako gaitasuna… zabalduz eta eskuratuz. Finean, erabakitzeko gaitasun herritarra jorratzen ari gara.

Gainera, erabakitzeko eskubidea gizarteratu dugu. Elkarrekin, erabakitzen ikasteko ekimenak martxan jarri ditugu -herri galdeketak- eta erabakitzeko bidea irudikatu eta praktikan jarri dugu (ehundu-adostu-erabaki). Erabakitzeko bideak, prozesuak duen garrantziaz jabetzen ari gara. Zentzu horretan, informazio gardentasuna, eztabaida publikoa, deliberazioa eta kontzientzia kritikoa sustatuz, eta aukera politiko guztiei bideza emanez erabaki nahi dugu. Elkarbizitza eta kohesioa erabaki guztion oinarriak izan behar dira, denok izan behar dugu erabakien parte.

 

3. ADOSTASUNAREN KULTURAN SAKONTZEKO KONPROMISOA

Gure Eskutik argi dugu erabakitzeko bidea elkarrekin jorratu behar dugula, herritarrok, eragileok eta erakundeak elkarlanean, bakoitza dagokion papera betez eta guztion arteko elkarrizketa, elkarlana eta adostasunak eraikiz. Diskurtso politikoan, maiz, auzolanaz, lankidetzaz, gobernantza berriaz hitz egiten dugu, horiek edukiz betetzeko dinamika eta ekimen koherenteak eraikitzen ditu Gure Eskuk.

 

4. EUSKAL HERRIKO BURUJABETZA PROZESUAN URRATS ERAGINKORRAK EMATEKO KONPROMISOA

Egun eragile sozial anitzek lan egiten dugu erabakitzeko eskubidea eta burujabetzaren alde. Erabakitzeko borondatea eta beharra partekatzen dugu, eta jada badakigu elkarrekiko beharra dugula, urrats eraginkorrak emateko komunitatea indartu behar dugula, gure arteko konfiantza harremanak eraikiz.

Zentzu horretan, Gure Esku sortu zenetik balore demokratikoetan oinarrituta, harreman sare sozial zabala ari da osatzen sentsibilitate desberdinak duten pertsonez osatua. Eta egun, Hamaika Gara egitasmoaren baitan eragileon arteko elkarlan espazio bat sortzen ari da.

Eta, bide batez, erabakitzeko eskubidea gizartean dauden nahi eta behar desberdinekin konektatzeko lanean ari gara.

 

5. MUNDURA ETA EUROPARA BEGIRA, HERRIEN ARTEKO ELKARLANA SUSTATZEKO KONPROMISOA

Gure Eskuk sorreratik Euskal auzia mundu mailan zein Europako testuinguruan kokatzeko misioa izan du. Erabakitzea posible dela irudikatzeko erabakitzeko bidean dauden herrien testuinguruan (Katalunia, Eskozia, Ipar Irlanda, Gales, Europa...) kokatzeak laguntzen gaitu. Mundu mailan zein Europan demokrazian sakontzeari lotutako erronkekin ari gara sintonizatzen eta elkarlana sustatzen.

 


Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu herritarra da. Euskal Herriko lurraldeetan etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzea helburu duena, normaltasunez, libre eta demokratikoki.

2013an sortu zen, eta, ordutik, kultura demokratikoan eta bizikidetzan sakontzeko dinamika eta mobilizazio ugari antolatu ditu, herritarren parte hartzea eta ahalduntzea ardatz hartuta, eta balore demokratiko eta baketsuak oinarri.

 

Página web: gureesku.eus

Twitter: @Gure_Esku

Facebook: @gureesku

Youtube: Gure Esku