2018/11/08

Bihar emakume torturatuen testigantzak Donostiako Emakumeen Etxean

Foro Sozial Iraunkorrak Donostiako Emakumeen Etxean “Nik sinesten dizut: emakume torturatuen egia” izenburupean ekitaldia antolatu du (bihar, hilak 9, 18:00etan)

Tortura jasan duten 3 emakumeren testigantzak entzun ahal izango da bertan: Kristina Gete Etxeberria, Leire Gallastegi Ormazabal eta Miren Azkarate Badiola.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko tortura kasuen txostenaren egile batek, Laura Pego abokatu eta kriminologoa, txosten hori azalduko du genero ikuspuntu batetik. Foro Sozialaren izenean, Nekane Altzelaik hartuko du hitza.

Foro Sozial Iraunkorretik uste dugu aitortzarako potentzial izugarria duen tresna dela sufrimendua jasan duten pertsonen testigantzak entzutea. Izan ere, biktimekin egindako lana aurtengo Foro Sozial Iraunkorraren ildo nagusietarikoa izan da. Era pribatuan egindako harremanez gain, bilkura publikoak egin ditugu (Gasteizen otsailaren 24an, adibidez) eta, batez ere, urriaren 5 eta 6an “Egia jakiteko eskubidea: biktima ororen aitortza eta erreparaziorako mekanismoak” izenburupean V. Foro Soziala antolatu genuen.

Etorkizunari begira, biharko ekimenaz gain, azaroaren bukaera aldera V. Foro Sozialaren ondorioak aurkeztuko ditugu eta, abenduan, Bilbon, indarkeria mota desberdinetako biktimen arteko beste topaketa bat egingo dugu.