Torturaren biktimak babesteko nazioarteko eguna dela eta (ekainak 26), adierazpen instituzional bat aho batez onartu da gaur Nafarroako Parlamentuan.
Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak txalotu egin nahi du gaur Nafarroako Parlamentuko talde guztiek "torturaren biktimak babesteko nazioarteko eguna" dela eta (ekainak 26) aho batez lortutako akordioa. Izan ere, biktima guztiek, torturatuek barne, egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea dute.
Nahiz eta adierazpen instituzionalak berak onartzen duen «ekainaren 26an oraindik ez dela ekimenik gauzatu Parlamentuan», gaurko adostasuna, zalantzarik gabe, beste aurrera urrats bat da.
Jakin badakigu torturaren gaian adostasun zabalak lortzea zaila dela. Ildo horretan, oso garrantzitsua da azken 12 hilabeteetan Nafarroan gai honetan aho batez lortu diren adostasunei eustea. Mikel Zabalzaren kasuan lortutako akordioa gogoratu behar da, edo 2021eko ekainaren 26ko adierazpen instituzionala.
Bide horretan, Estatuaren biktimen Nafarroako Legearen ibilbidea uda ondoren hasiko da, Balorazio Batzorde osatu ondoren inguruan eta jada aitortuta dauden biktimekiko kalte-ordainen berdintasunaren inguruan beharrezko akordioak lortu ondoren. Balio handiko urratsa izango da martxan jartzen denean.
Lege hori da torturaren biktimen aitortzarako tresna nagusia, eta, are gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoan ikusten ari garen moduan, egiaren zati bat ezagutzeko ere balio du. Horixe da gertatu dena Mikel Zabalzaren kasuan, adibidez.
Hala ere, egiaztatu behar dugu justiziarako sarbidea oraindik ate itxia dela.
Torturaren biktimen gainean zegoen susmoaren itzala gainditu ondoren, erakundeen errekonozimenduan aurrera urratsak egiteko garaia da. Bide horretan gaude.