2019/07/29

Beharrezkoa da kasu honetan pertsonatutako alde guztien artean lan egitea aldez aurretik akordioa lortzeko

Teresa Toda eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak ekainaren 27an bildu ziren Ibon MeƱika eta Fran Baldarekin, 11/13 makro-sumarioko 47 auzipetuen ordezkariekin. Sumarioari lotutako informazio zabala aztertu ondoren, Foro Sozial iraunkorrak erabaki du honako posizio hau plazaratzea:

Epaiketa honetako akusazioek eta zigor-eskaeren bolumenak historian atzera garamatzate: gisa honetako epaiketek iraganekoak izan beharko lukete baina oraindik zoritxarrez gaurko egunean gertatzen ari dira.

 

Foro Sozial Iraunkorrak kezka adierazten du auzipetuen balizko zigorrak bizikidetza demokratikoa eraikitzeko egungo prozesu ahularengan izango lukeen eragin negatiboa dela-eta.

 

Izan ere, prozesu honetan aurrera egiteko, ezinbestekoa da irtenbidea ematea bete gabe dauden hiru kontuei: biktima guztien egia, justizia eta erreparazioari, bazterkeriarik gabe; preso eta iheslarien aferaren konponbideari; eta azkenik memoria partekatua eraikitzeari, gertatutako ezer ahaztu gabe etorkizunera begiratzeko.

 

Epaiketa honek, ezinbestean, presoen aferak behar duen irtenbidearekin talka egiten du.

 

Euskal gizarteak ezin du pairatu beste kondena bat, neurrigabekoa eta gure herriak bizi duen itxaropen-testuingurutik kanpo dagoena. Beharrezkoa da, eskuzabaltasunetik, kasu honetan pertsonatutako alde guztien artean aurretiazko akordio bat bilatzea. Ziur gaude euskal gizarteak, bere erakundeek, alderdi politikoek eta sindikatuek aldez aurretik lortutako akordio bat babestuko luketela zentzuzko irtenbide gisa.

Amaitzeko, bi ekimenen berri eman behar dugu:

  • Teresa Todak eta Agus Hernanek Foro Sozial iraunkorraren izenean sinatu dugu 'Interbidera, etorkizuna askatu' manifestua, herri honetako 150 pertsonalitatek abiarazitakoa.

  • Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritza bat irailaren 14ko manifestazioan izango da, Bilbon.