Hasi berri den 2018-19 ikasturterako Foro Sozial Iraunkorrak finkatu dituen erronkak herritarrekin konpartitzea izan da gaurko prentsaurrekoaren helburua: lkarbizitza, biktimak, presoak eta memoria inklusiboa. Nekane Alzelai eta Agus Hernanek hartu dute hitza.
Nekane Altzelairen interbentzioa
Azken urteotan, aurrera pausu handiak eman dira euskal gatazka delakoaren konponbidearen norabidean.
Ezagunenak, segur aski, ETAren armagabetze zibila eta desegitea izan dira. Baina beste urrats garrantzitsuak ere egin dira: indarkeria mota guztien biktima guztien aitortzaren arloan, presoen gizarteratzeari buruzko akordio zabalak lortu dira eta alderdi politikoen eta eragile sozialen artean elkarrizketa politikoa areagotu egin da.
Baina beste arlo batean jarrerak enkistatu egin direla onartu beharrean gaude: memoria inklusiboan, alegia (edo beste batzuek oso modu desegokian dioten moduan, “kontakizunaren batailan”).
Gure ikuspegitik, aurtengo erronkarik nagusiena elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak finkatzea da, bake eta giza eskubideen kultura baten gainean eraikitakoak.
Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko orduan hiru zutabe daude: indarkeria mota guztietako biktima guztien aitortzarako behin betiko urratsak ematea; preso dauden pertsonei irtenbide integrala ematea eta kontakizun guztiak onartuko dituen memoria inklusiboaren erronkari aurre egitea.
Banan bana joango gara:
Biktimen arloa lehentasunezkoa da gure ikuspegitik. Biktima bakar bat ere ez bakarrik eta aitortu gabe berriro ez sentitzea da gure helburua.
Helburu honekin, urte osoa daramagu datorren hilabetean egingo dugun V. Foro Soziala lantzen. Jakina denez, V. Foroa datozen urriaren 5 eta 6an ospatuko da Iruñan eta Bilbon, hurrenez hurren.
Foro Sozialaren leloa hau izango da: “Egia ezagutzeko eskubidea: biktimentzako aitortza eta erreparaziorako tresnak”. Bi egunetan zehar, diziplina anitzeko nazioarteko zein bertako adituek gure prozesu zehatzean hain garrantzitsua den gai honetan sakonduko dute.
Hortaz gain, urte osoan zehar indarkeria mota desberdinetako biktimekin lanean jarraituko dugu, beraien arteko topaguneak bilatuz. Batzuetan topagune publikoak izango dira, Iruñean, Gasteizen edo Gernikan egin bezala, eta gehienetan pribatuak izango dira.
Arlo honetako eginbeharrekin bukatzeko, “argitu gabeko kasuak” - edo “egiarik gabekoak” - lantzen jarraituko ditugu pasa den martxoaren 17an Miramar Jauregian aurkeztutako txostenaren ildotik. Bertan argitu gabeko kasuak 482 zirela adierazi genuen.
Preso dauden pertsonei buruz, Foro Sozial Iraunkorrak pasa den uztailaren 24an adierazi zuen bezala, adostasun handia dago. Era berean, iragarritako pausuak ez emateak frustrazioa eragingo zuela nabarmendu genuen orain dela egun batzuk. Gaur egun, gizartearen beste sektore guztiak bezala, Barne Ministroak pasa den asteazkenean iragarritako pausuak noiz gauzatuko diren zain gaude.
Hala ere, bi puntu azpimarratu nahi ditugu:
Bata, preso dauden pertsonen egoerari irtenbide integrala ematea elkarbizitza demokratikorako ekarpen bat dela uste du euskal jendarteak. Alderdi Sozialistak badaki gai honetan jendartearen sustengua duela, erakunde publikoarena, alderdi politikoena, sindikatuena eta, uda honetan baieztatu ahal izan dugun moduan, baita Herri honetako biktimena ere. Are gehiago, Madrilgo Kongresuan gehiengo batek euskal herritarren nahiarekin bat egiten duela esan daiteke. Sanchezek badaki aurrera pausuak ematen hasteko erabakia hartzen duenean babes guzti hauekin kontatuko duela. Horixe da gure helburua: bai hemen baita Madrilen ere, behar diren gehiengoak osa daitezen lan egitea, prozesua finkatzeko eta ibiltzen hasteko.
Eta bestea, Rajoyren garaietatik behin eta berriz adierazten ari gara badakigula kontu hauek denbora eskatzen dutela. Aurrera pausuak faseka egingo direla. Jauzi ikusgarriak ez ditugula ikusiko.
Orain arte bezala lanean jarraitu behar da, era diskretuan, fokuetatik urrun. Euskal jendarteak bere nahiak asetuko dituen keinuak behar ditu eta horretarako aurrera pausuak ematen hasi behar da Gobernuak berak zehaztu dituen urgentziazko arloetan: gaixo dauden presoak, 70 urte gorakoak, hurbilketa eta lehen gradua.
Ez gara ezer berririk esaten ari memoria inklusiboaren alorrean jarrera inkestatu egin direla adierazten dugunean.
Galdera da: orrialdea pasatu gabe, dauden kontakizun guztiak eroso sentitzeko memoria baten oinarriak nola landu behar dira?
Lan horren emaitzan inor ez da baztertuta sentitu behar. Lan horren emaitzak etorkizunari begiratzea ahalbidetu behar du, gure iragana ahaztu gabe.
Elkarbizitza demokratikoa eraiki al dezakegu memoriaren auzia konpondu gabe? Ba al dago orrialdea pasatzeko arriskurik?
Jendarteak gure ordezkari politikoei elkarrizketarako eta adostasunerako gaitasuna eskatzen dizkie.
Biktimen aitortzan edo presoen egoeraren inguruan adostasuna erdiestea posible izan bada, zergatik arlo garrantzitsu honetan adostasunaren aukera ukatuko zaio euskal jendarteari?
Galdera asko dira, eta ikasturte honetan zehar denak erantzuten saiatuko gara. Beti bezala, ahalik eta proposamen inklusiboenak eta zeharkakoenak egiten.
Bukatzeko, hurrengo hilabetetan Eusko Legebiltzarrari begira egongo garela adierazi nahi dugu. Bertan, polizi gehiegikerien euskal legea birformulatzea aurreikusten da, eta baita ere, Memoria eta Elkarbizitzaren ponentziaren lanak bukatzea. Arlo garrantzitsu hauetan akordiorako gaitasuna egotea espero dugu. Akordio zabalak eta transbertsalak erdietsi ezean, biktimek eta jendarte osoak ez lukete ulertuko.
Eskerrik asko