2018/06/19

Alderdi desberdinetako ordezkariak bihar Iruñean “Espetxe-politika berri bat aro berrirako" hizpide

Bihar asteazkena, hilak 20, Foro Sozial Iraunkorrak “Espetxe-politika berri bat aro berrirako" lemapean iragarritako bigarren mahai-ingurua egingo da (19:00, Ezpeleta Jauregia), “Hitzorduak” zikloaren baitan. Pasa den astean egin zen mahai-inguruan arlo juridikoa jorratu zen bezala, biharkoan ikuspegi politikoa landuko da. Eta Nafarroako alderdi politiko gehienen ordezkariak egongo dira: Koldo Martínez (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Tere Saez (Podemos) y José Miguel Nuin (Ezkerra-Izquierda).

Mahai inguru politiko hau Espainiako Presidente berriak espetxe politika aldatzearen alde atzo egindako adierazpenen testuinguruan egingo da. ETAren desagerpenak aro berri bat ekarri du, itxaropenerako leiho bat ireki da eta bada garaia aktore guztiek elkarbizitzaren eraikuntzaren norabidean aurrera pausuak emateko, baita preso, iheslari eta deportatuen gizarteratzearen norabidean ere. Izan ere, Pedro Sanchezek egin dituen adierazpen hauei gehitu behar zaizkie Nafarroako eta EAEko Parlamentuetan espetxe politika aldatzeko dauden gehiengo zabalak eta, baita ere, presoen kolektiboak bide hori jorratzeko adierazitako borondatea.

Eta badago beste faktore bat, Foro Sozialaren iritziz funtsezkoa dena: Nafarroako eta EAEko gehiengo soziala bat datorrela gogoeta horrekin. Orain, gehiengo horiek guztiak eratzeko ordua da, zehaztu ditugun urgentziazko bost puntuen inguruan: Gaixotasun larriak dituzten presoak; hurbilpena; gradu progresioa ahalbidetu behar da; zigorren pilaketarako irizpideak Europakoak izan behar dira; eta espetxe-alorreko eskumenen transferentziak.

Beste aldetik, “Kartzelako memoriak gatazka ondorengo gizarteetan” EHUk eta Foro Sozialak antolatu duten udako ikastaroan izena emateko epea irekita dagoela iragarri nahi dugu. Ikastaroa uztailaren 26 eta 27an egingo da eta bere helburua beste herrialdeetan presoen gizarteratzeko egindako esperientziak ezagutzea da, eta Euskal kasuan aplikatzeko ondorioak ateratzea. Ikastaroa herritar guztientzat irekia da eta lotura honetan izan eman daiteke: https://www.uik.eus/eu/kartzelako-memoriak-gatazka-ondorengo-gizarteetan