Bartzelonan egingo den Bakearen II. Mundu Kongresuaren barruan, L’Institut Català Internacional per la Pau entitate publikoak (ICIP), Foro Sozial Iraunkorrak eta Baketik-ek Aieteren adierazpenaren 10. urtemugari eta gizarte zibilaren paperari buruzko tailerra antolatuko dute datorren urriaren 17an.
Euskal Herriko gizarte zibileko hainbat erakundek bake-prozesuan izan duten eta oraindik ere jokatzen duten zereginaz hitz egingo da tailerrean.
Lokarrik 2011ko urriaren 17an antolatu zuen Nazioarteko Bake Konferentzia ere gogoratuko da. Aieteko Konferentzian, politika eta bakearen eraikuntzaren eremuko nazioarteko pertsona ospetsuak egon ziren, hala nola Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powell.
Aieteko konferentziaren amaieran, bost puntuko adierazpena egin zen publiko, nazioarteko ordezkariek Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundeari indarkeria behin betiko uzteko eskatuz. Espainiako eta Frantziako gobernuei ere eskatu zien negoziazioak has zitzatela gatazkari amaiera emateko eta konponbide demokratiko bat bilatzeko.
2011ko urriaren 20an, Konferentzia egin eta hiru egunera, ETAk iragarri zuen jarduera armatua behin betiko utzi zuela.
Tailerrean parte hartuko dute Paul Ríosek (Aieteko Konferentziaren antolatzailea), Agus Hernanek (Foro Sozial Iraunkorra), Maider Marañak (Baketik) eta Andy Carlek (bake-prozesuetan aditua).
Ekitaldia urriaren 17an izango da, 10:45etik 12:45era, Bakearen II. Mundu Kongresuaren barruan. Kongresu hau Peace Bureau (IPB) Internazionalak eta ICIPek antolatu dute eta bere helburu nagusia bakearen eta justiziaren aldeko nazioarteko mugimenduetan parte hartzen dutenentzako topaleku bat eskaintzea da.
Bakearen II. Mundu Kongresuak formatu hibridoa izango du. 500 lagun bertaratzea espero da, eta, aldi berean, 1.500 lagunek baino gehiagok izena eman dute Internet bidez jarraitzeko. Euskal Herriko 10 urteko bakeari buruzko saioa internet bidez jarraitu ahal izango da, aldez aurretik biltzarraren webgunean izena emanda.
Bakearen II. Mundu Kongresuan izena ematea: https://www.ipb2021.barcelona/inscripcion/