2021/09/17

“Aiete hamar urte, irakaspenak eta erronkak”- Nazioarteko jardunaldiak

Urriaren 14an, 15ean eta 16an Donostian eta Baionan egingo diren jardunaldien nondik-norakoak azaldu dituzte prentsaurrekoan Anaiz Funosasek (Bake Bidean), Agus Hernanek eta Aizpea Leizaolak (Foro Sozial Iraunkorra), Berghof Fondation eta Conciliation Resources beste kideekin batera.

PROGRAMA eta PARTE HARTZAILEAK

2021eko urriaren 17an hamar urte beteko dira Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia (edo Aieteko Konferentzia) egin zenetik. Konferentzia hori bide-orri zabalago baten baitan kokatzen zen eta Euskal Herrian bakea lortzeko agertoki berri baterako bidea ireki zuen.
Orduz geroztik, gauza asko gertatu dira Euskal Herrian eta mundu osoan. Aieteko Konferentzia egin eta hilabete gutxira, Kolonbiako bake prozesua abiatu zen, isilpeko elkarrizketen bidez hasieran eta Habanako negoziazioetan gero. Hala, XX. mendeko gatazkarik zaharrenetako bik eraldatze bidea hartu zuten.
Une hartan inork ezin zuen irudikatu ere egin hamar urte geroago gizateria osoari eragingo zion pandemia global bati aurre egin beharko geniola eta egoera horrek eragin larria izango zuela bakea bilatzeko ahalegin guztietan.
Gure ustez, urteurren hau abagune egokia da azken hamarkadan Euskal Herriko gatazkaren eraldaketan lortutako aurrerapenak gogoratzeko eta ospatzeko (nahiz eta oraindik ere hainbat oztopo eta erronka dauden) eta, horrekin batera, pandemiaren osteko mundu berri honetan
bakearen arloan ditugun erronkak aztertzeko eta eztabaidatzeko eta euskal prozesuaren irakaspen eta erronken inguruan hausnartzeko.
Hori guztia kontuan izanik, eta bakeak Euskal Herrian eta mundu zabalean dituen erronkei laguntzeko asmoz, “Aietek 10 urte. Irakaspenak eta Erronkak” Nazioarteko Jardunaldiak antolatu dituzte Conciliation Resources eta Berghof fundazioek (Aieteko Konferentziaren antolatzaileetako bi), Foro Sozialak eta Bake Bideak. Konferentziaren helburu nagusiak honako hauek dira: euskal bake prozesuaren irakaspenak balioestea, bakearen eraikitze prozesuari dagozkion oztopoak eta aukerak aztertzea eta gatazkak konpontzeko erronka globalez hausnartzea.