2022/09/28

Urtebetean, aurrerapauso erabakigarriak eman dira salbuespeneko espetxe-politika desmuntatzen jarraitzeko

EAEk espetxe-eskumena bere gain hartu zuenetik igaro den urtearen balantzea egin du Foro Sozial Iraunkorrak.

Datorren urriaren 1ean urtebete beteko da Euskal Autonomia Erkidegoak espetxeen arloko eskumena bere gain hartu zuenetik. Aipatu behar da Aieteko Nazioarteko Konferentziaren X. urteurrenaren atarian gauzatu zela hain sinbolikoa den transferentzia hau.

Nahiz eta eskumenaren inplementazioa oso konplexua izan hainbat arlotan, Foro Sozial Iraunkorrak positiboki baloratu nahi ditu orain arte emandako pausoak, motibazio politikoko delituengatik zigorra betetzen duten pertsonei aplikatzen zaien espetxe-politikari dagokionez.

Transferentzia “Konponbiderako premiazko agendaren” bost puntuetako bat da. Agenda hau Foro Sozialak argitaratu zuen 2018/05/15ean, ETA desegin ondoren, eta instituzioekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin eta EPPKrekin berarekin egindako mikro-akordioen emaitza da, eta orduz geroztik ezartzen joan da.

Lehenik eta behin, transferentziaren inguruan lortu zen adostasun zabala nabarmendu nahi dugu. Adostasuna agerian geratu zen 2019/03/13an Eusko Legebiltzarrean egin zen espetxe-politikari buruzko osoko bilkura monografikoan.

«Preso-mota horri espetxe-politika arrunta aplikatzean» datza adostasuna. Hamabi hilabete hauetan, aurrerapauso sendoak ematen ari dira salbuespeneko espetxe politikoaren egitura konplexua desmuntatzen jarraitzeko.

Alde batetik, inguruko kartzeletatik Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kartzeletara hurbiltzeko politika gauzatzen ari da. Hurbilketak uztailean berriro hasi ziren eta espero dugu determinazio eta intentsitate berarekin jarraitzea etorkizunean, eta, beraz, aurten bertan amaitzea.

Bestalde, graduen eboluzio-politiken aplikazioari dagokionez (2. graduko baimenak eta 3. gradua), azpimarratu nahi dugu Espetxeen Tratamendurako Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako dagokion organoa tratamendu zientifiko eta pertsonalizatua egiten ari direla. Tratamendu hori ezin da beste era batera egin, ez baikara onurez ari, baizik eta dagozkien eskubideen aplikazioaz.

Halere, borondate honen aurrean ANko zenbait epaileren eta haiek babesten dituen lobbyaren jarrera oztopatzailea dago. Izan ere, gero eta nabarmenagoa da bi eredu desberdin daudela espetxe-politika ulertzeko orduan: batetik, ANko epaileen ikuspegi zigortzailea dago, eta, bestetik, birgizarteratze-politiken aldeko apustua dago, Eusko Jaurlaritzak bultzatua eta Eusko Legebiltzarraren % 91k babestua.

Bi zeregin ditugu ikasturte politiko honetan:

1.- Beharrezkoa da oraindik indarrean dauden salbuespen-politikako neurriekin amaitzea: sakabanaketa, preso gaixoak eta 70 urtetik gorako pertsonak espetxean mantentzea, komunikazioen jazarpen sistematikoa eta postaren, deien eta bisiten murrizketak.

2.- Eusko Jaurlaritzari eta beste eragile batzuei dagokienez, zeregin nagusia da EAEn zigorra betetzen ari diren presoak birgizarteratzeko ibilbideak definitzea. Zentzu horretan, Justizia Errestauratiboa Eusko Jaurlaritzaren “2022-2025 Estrategiaren” zutabeetako bat izanik, orain arte egindako batzar-errestauratiboen esperientziatik ikasi behar da (azkena 2021-2022an Burgosko eta Logroñoko kartzeletan).

Izan ere, inplikatutako alde guztien borondate politikoa egiaztatuta, bada garaia Justizia Errestauratiboaren politikaren oinarriak eta edukiak adosteko. Eta politika berri hori presoen esku utzi behar da, nahi duten guztiek erabil dezaten.

Egoera honetara iristea posible izan da gizarte zibilaren lanari esker, bere adierazpen guztietan, eta baita EPPK erabakiei eta alde anitzeko akordioei esker ere. Lan diskretu luze baten emaitza da, eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial askoren artean adostasunak ehuntzearen ondorioa.

Prozesu horrek izan dituen zailtasunen eta krisien lekuko gara, baina, zorionez, eragile guztiek zailtasunak gainditzeko borondatea izan dute, bidea urratuz.

Foro Sozial Iraunkorrak esparru diskretu eta publikoetan ekarpenak egiten jarraituko du, berandu baino lehen, bizikidetza demokratikoari ekarpena egingo dion presoen auziari behin betiko konponbidea emateko.