2018/10/15

“Gure herriaren bizikidetza demokratikoaren alde duten konpromisoan jauzi kualitatibo garrantzitsu bat ematen dute sindikatuek gaur”

Gaur Bilbon sindikatuek aurkeztu duten adierazpena eta Teresa Todak Foro Sozialaren izenean egin duen hitzartzea

 ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru eta EHNE sindikatuen Adierazpena PDF

CCOO sindikatuak bere adostasuna adierazi dio beste sindikatuen adierazpenari


Teresa Toda, Foro Sozial Iraunkorraren izenean

Armagabetzearen biharamunean, 2017ko apirilaren 9an, hainbat eragile lanean hasi ginen elkarrizketa-guneak sortzeko gobernuen artean, alderdien artean, sindikatuen artean eta gizarte zibilean, gutxieneko akordioak eratze aldera. Ezberdinen artean beharrezkoak diren konfiantzak eraikitzea zen helburua, laugarren Foro Sozialeko ondorioetan jasotako “Preso eta ihesi dauden pertsonak gizarteratzeko bide-orria” definitzeko asmoz.

Eta lanari ekin genion ETA desegin ondoren gai honetan aurrera egiteko aukerak irekiko zirelakoan.

Lan mardul horrek izan du emaitzarik. Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan, baita Batzar Nagusietan, espetxeen eskumenen transferentzia, gaixo diren presoak eta hurbilketaren inguruan akordio instituzionalak lortu baitira.

Sindikatuei dagokienez, hiru dira jada elkarrekin egin dituzten agerraldiak, preso gaixo eta hurbilketaren problematikei buruz.

Ez da bide erraza izan. Baina pertseberantziak, gure herrian “konponbiderako premiazko agenda” delako inguruan adostasun sendo eta zabala egonkortzea ahalbidetu du. Agenda horrek ondoko bost puntu kontuan hartzen ditu:

  • Gaixo diren presoak eta 70 urtetik gorakoak

  • Hurbilketa

  • Lehen gradutik bigarrenera igarotzea

  • Frantziako kartzeletan betetako zigor-metaketa

  • Kartzela eskumenen transferentzia

Gaur, Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, gure herriaren bizikidetza demokratikoaren alde duten konpromisoan jausi kualitatibo garrantzizko bat ematen dute sindikatuek. Gaur, presoen gaia konpontzeaz hitz egiteak bizikidetzaz hitz egitea erran nahi baitu.

Gurekin daudenak aurkeztuko dizuet: ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru. EHNEk bat egin du, baina ezin izan du etorri.

Sindikatu hauen Adierazpena, Steilaseko Ana Perezek irakurriko du euskaraz eta UGTko Raul Arzak erdaraz.

Bukatzeko, gogora ekarri nahi dugu 2017ko apirilaren 5ean, hemen bertan, ETAren armagabetze orokor eta behin betikoari babesa emateko agerraldia egin zuten sindikatuek hartutako konpromisoa:

“Erakunde sindikalak bezala, badaukagu ardura bat hainbeste hamarkadek utzitako ondorioen gainditzean. Ondorio horien artean, hitza desarmatzea, zilegiak diren gure arteko ezberdintasunak modu demokratiko eta zibilizatuan bideratzea, eta eztabaidak kudeatzeko elkarrizketa eta negoziazioa tresna bezala prestigioa ematea, badira ere ordezkatzen dugun erakundeentzako erronkak”.